Ongi etorri Gorputz Heziketa irakasleen webgune berrira!

erreleboakAsmoa gure lana erraztuko duen gune bat sortzea izan da; arloaren inguruan sortzen den informazioa zabaltzeko leiho bat, gure esperientziak trukatzeko aukera emango digun leku bat, kezka eta arazoak konpartitzeko gunea, elkarren artean gehiago ezagutzeko baliabidea...

Guzti hau aurrera eramateko eta bizirik irauteko zuen laguntza ezinbestekoa da. Guk lorategia zabaldu dugu, zuen lana hau lorez betetzea litzake...

 

 

GH irakasleen VII. Topaketaren Memoria

  • 2018/07/12 |
  • BNko GH aholkularia

GH irakakasleen VII. Topaketaren kronikak, bideoak, aurkezpenak eta beste material batzuk

La evaluación formativa y compartida en E.F.. David Hortigüela

 

Hemen ikusi dezakezue bere hitzaldiaren aurkezpena eta azpian bideoa.

 

Hitzaldiaren kronika:

EBALUAZIOA HEZIGARRIA ETA PARTEKATUA GHn. David Hortigüela Alcalá

Hezkuntzan doktorea, Hezkuntza eta elkarte inklusiboetan masterra, Jarduera fisikoa eta kirol zientzietan lizentziatua, Gorputz Hezkuntzan (GH) irakasle espezialista, Lehen Hezkuntzan graduatua, Burgoseko Unibertsitateko Hezkuntza fakultateko Gorputz adierazpeneko didaktika arloan zuzendaria, hizlari trebea, hurbila eta hainbat artikulu eta liburuen autorea.

 

Ebaluazio hezigarria eta partekatua guztiok erabili eta aplikatu dezakegun tresna da Gorputz Hezkuntzan, baina bakoitzak duen testuingurura egokituta.

Ebaluazioaren inguruko teorietan gehiegi sakondu gabe baliabide praktikoak eskaintzea izan da bere asmoa. Irailean eskoletara itzultzean ebaluatzeko eta kalifikatzeko zer erabili dezakegun jakiteko.

Hitzaldia hiru zatitan banatu zuen:

  1. Ebaluazioaren inguruko hainbat alderdi eta GHn dauden ikuspegiak argitzea.
  2. Ebaluazioa praktikara eramateko hainbat estrategia eta tresna erakustea.
  3. Hitzaldiko partaide eta entzule guztiak talde txikietan banatu eta ebaluazio adibideak eta proposamenak sortzea.

irakurri osorik

La responsabilidad civil del profesorado de E.F. Juantxo Landaberea

Hemen ikusi dezakezue bere hitzaldiaren bideoa

Hitzaldiaren kronika:

“HFko irakasleen erantzukizun zibila”

Juantxo Landaberea, kirol zuzenbidean espezialista den abokatuak, heziketa fisikoko irakasleok izan dezakegun erantzukizun zibilaren inguruan hitz egin digu. Kontzeptu desberdinak azaldu, zenbait kasu edo adibide eman eta irakasleon galdera eta kezkei erantzun die bere solasaldian.

Lehenik, erantzukizun motak desberdindu eta zer diren azaldu digu: erantzukizun zibila, erantzukizun penala, disziplina-erantzukizuna eta ondare erantzukizuna.

Heziketa fisikoko saioan istripu edo ezbeharrik gertatuz gero, gurasoek erantzukizun desberdin horiek eska ditzakete, dagokionari (zentroa, administrazioa, irakaslea).

            Jarraian, erantzukizun zibilean sakonduz, hirugarrengo batzuei sortutako kalteen aurrean erantzuteko derrigortasunari dagokiola adierazi digu, beti ere zabarkeria (erd.: negligencia) edo irregulartasunak izan badira. Erantzukizun mota honen izaera konpontzailea dela azpimarratu du Juantxok, beraz helburua ez dela inor zigortzea; horretarako beste erantzukizun mota batzuk daudelarik. Beraz, oso argi utzi nahi izan du, kalterik gabe ez dagoela erantzukizun zibilik.

            Erantzukizun zibilarengatik kondenatua izateko, lau baldintza eman behar direla argitu digu abokatuak: kaltea izan behar da, irakasleon ekintza edo ez-egitea (eginbeharren omisioa) gertatu behar da, kausalitate-erlazioa izan behar da eta azkenik irakasleon erru edo zabarkeria ere frogatu behar da.

            Bestalde, berreskaera-akzioa ere aipatu digu, ikastetxeak berari eskatu zaizkion erantzukizunen arabera, irakasleari egin diezaiokeen eskaerari dagokiona.

            Azkenik, gertaera errealak aipatu eta azaldu ditu, kasuan-kasuko ezaugarrien arabera erantzukizunen aldeko eta kontrako ebazpenak eman zirelarik. Bukatzeko zenbait gomendio helarazi dizkigu: gure eginbideak tokiko, denbora eta pertsonen ezaugarrietara moldatzea, jarduera gehigarrietan laguntzazko kideekin burutzea eta gure eginbeharrak kontutan hartzea (zaintza, argibide egokiak ematea, material egokia ematea, laguntzea eta toki egokiak aukeratzea).

            Galdera-erantzunen garaian, besteak beste ikastetxeetan protokolo egokiak edukitzearen garrantzia aipatu zuen burutzen ditugun jarduera fisikoetarako.

Kurutziaga ikastolako kanpo espazioaren eraldaketa

 

Hemen ikusi dezakezue bere hitzaldiaren bideoa eta goian bere aurkezpena

Hitzaldiaren kronika:

IKASTOLAKO KANPO ESPAZIOA ERALDATZEKO PROIEKTUA (KURUTZIAGA IKASTOLA)

Kurutziaga ikastolan gorputz-hezkuntzako irakasle, haur hezkuntzako irakasle, lehen hezkuntzako tutore edota 5 ikasturtetan zuzendaritza taldean egondako Gaizka Uriartek,  ikastolako patio edo kanpo espazioa eraldatzeko proiektua aurkeztu zuen.

Proiektuaren abiapuntua ikastolako komunitatea osatzen duten estamentu guztiei (ikasle, guraso, irakasle eta irakasle ez diren langileak) egindako galdeketan kokatzen da. Hiru ardatz izango ditu: hezkidetza, partaidetza, eta azkenik, natura-ikerketa-gela. Beraz, neska-mutilen partaidetza orekatua eta berdintasuna bermatuko duen espazioa bilatuko da, gainera, patioa bera gela bihurtuko da, natura bertatik bertara aztertzeko aukerarekin.

Eraldatze lanak iazko ekainetik gabonak arte luzatu ziren eta esparru batzuk aste santuko oporren ostean ireki dira. Aipatzekoak dira futbol-zelaia txoko batera mugatu dutela eta ingurua erabat eraldatu dela mendixka eta belarrezko zelai berriekin. Naturaren baitan 34 zuhaitz espezie dituzte eta lur- azpitik zihoan ibai bat gainazalera atera dute. Hainbat bidegorri, rokodromoa, lasai egoteko bi tren bagoi, aurkezpen eta debateetarako anfiteatroak, ping-pong mahaiak, etab. Oraindik osatzeke dagoen eraldaketa honek aurrekontu handia izan badu ere, ikusitako aldaketa eta emaitza onek ez dute damurako tarterik uzten eta etorkizunerako pozik eta itxaropentsu ageri dira ikastolakoak.

Jolas gaitesen libre. Ibon Mendoza

 

    "Jolas gaitezen libre proiektua

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Hemen ikusi dezakezue bere hitzaldiaren bideoa

Hitzaldiaren kronika:

Ibon Mendozak “Jolas gaitezen libre” proposamena aurkeztu digu, haurren erabakitzeko eskubidea eta  jolas libreari buruzko gogoeta eraginez. Honako atalak jorratu ditu:

  • jolas librearen garrantzia.
  • azken 50 urteetako bilakaera haurren jolas librean.
  • haurren erabakitzeko eskubide faltaren ondorioak.
  • gorputz hezkuntzarako proiektua.

“Ba al dute haurrek erabakitzeko eskubiderik?” hala eman dio hasiera Ibon Mendozak bere hitzaldiari.  Jolas librean haurrek erabakitzen dute zer egin eta nola egin; beraiek dira beren buruen jabe eta jolasa helduen eskuhartzerik gabe zuzentzen dute. Jolas librearen bidez, haurrak bizitzarako konpetentziak beraganatzen dituzte; arazoak konpontzen dituzte; talde lanean aritzen dira; sormena lantzen dute; arriskuak kudeatzen ditute; porrota, frustrazio edo estresari aurre hartzen diote; konpetentzia motorra lantzen dute,… Jolas librea oso gauza serioa dela gogorarazi digu.

Azken 50 urteetan haurren jolas librerako aukerak gutxitu egin direla azaldu digu Ibon Mendozak. Zer dela eta? eskola orduak gehitu direlako, aparatu elektronikoen erabilera izugarri handitu delako, eskolatik etxerako lanak bidaltzen zaizkielako, eskolaz kanpoko jarduera gidatuak izugarri gehitu direlako. Ibonek bere herrian gertatzen den errealitateari buruz hitz egin digu: Oiartzunen haurren % 72ak gidatutako eskolaz kanpoko 5 saio baino gehiago izaten ditu astean. Horrek eragiten du gero eta haur gutxiago egotea kaleetan jolas librean aritzeko eta interakzionatzeko.

Guzti honen ondorioz, haurrek askatasuna galdu dutela azaldu digu Ibonek. Haurren erabakitzeko eskubidearen falta horrek eragina du ikerketa ugarik egiaztatzen duten bezala. Haurrek ez dute sentitzen bizitza kontrolatzen dutenik. Ikerkuntzen arabera,  kontrol falta horrek depresioa, antsietatea, sormenaren galera, enpatia falta eta abar eragiten du haurrengan.

Ibonek aipatu digu, arazo baten aurrean gaudela konturatuz gero eta kontziente izanez gero, haurrentzako beste mundu bat eraikitzeko pausuak eman ditzakegula eskolan: jolas-espazioak eraldatu eta jolas-aukera aberatsak sortuz, jolas-garaiak gehituz, gorputz hezkuntzan jolas librea garatuz... haurra bere ikaskuntzaren protagonista izan dadin.

Ibon Mendozak gorputz hezkuntzako saioetan “Jolas gaitezen libre” proiektua sortu du eta bi unitate didaktikoren bidez garatu ditu. Gimnasioa prestatzen du eta gorputz hezkuntzako saioetan libre jolasteko aukera ematen die haurrei. Horretarako Aucouturierrek psikomotrizitate saioetan markatzen dituen faseak erabiltzen ditu: sarreran, elkar agurtu, segurtasun arauak aipatu eta arazoak nola bideratu ahotan hartzen dute. Ondoren haurrak Ibonek aurrez prestatutako espazioan era librean jolastera abiatzen dira; hasieran espazioa ikertuz eta ondoren material mugikorra erabiliz. Amaieran, hitzezko errituala egin baino lehen, haurrek bizi izandako esperientziak orrian irudikatu ohi dituzte. Haur bakoitzak bere marrazkia gainerako kideei azaldu eta zertara jolastu den eta nola sentitu den adierazten du hitzez eta horrela ematen diote amaiera saioari.

Saio bakoitzean Ibon Mendozak gela era ezberdin baten atontzen du, aldiro aukera berriak eskainiz ikasleei. Gelan elementu finko batzuk ezartzen ditu (eskilarak, horma-barrak, txirristak,..). Elementu finko hauek saio guztietan aldatu ohi ditu. Eta bada honez gainera,  beste hainbat material mugikor (soka, oihal, pilota,…). Ikasleek ezin dute erabili material mugikorra lehenengo bost minutuetan. Ibon Mendozak azaldu digu horrela, ikasleek mugimenduaren bidez txokoen ikerkuntza egin dezatela bermatzen duela.

“Jolas gaitezen libre” proiektua Gorputz Heziketako web-orrian dago eskuragarri: http://www.gorputzheziketa.hezkuntza.net/

Gorputzaldiak. Zuriñe Arsuaga

 

Zuriñek erabilitako aurkezpena

 

Hemen ikusi dezakezue bere hitzaldiaren bideoa

 

Hitzaldiaren kronika:

GORPUTZALDIAK

Zuriñe Arsuagak, Amezketako Zumadi eskolan GHko irakasle denak, Gorputzaldiak proiektuaren inguruan hitz egin digu.

Gorputzaldiak proiektu aurretik Dantzagunetik Arbelak mugituz programa diseinatu zuten. Ondoren, Amaia Navascues eta Ana Remiro aritu dira Gorputzaldiak proiektu pedagogikoa sortzen. Hezkuntzaren eta dantzaren arteko diziplinarteko lana, eta hezkuntza formaleko irakasleei curriculum-proiektua garatzen laguntzeko tresna berriak eskaintzeko helburuarekin sortu den proiektua da, mugimenduaren bidez curriculum-proiektua garatzen laguntzeko.

Guztira 9 unitate didaktiko eskaintzen direla azaldu zigun Zuriñek, gaitasun sozio-afektiboen inguruko lau saioz osatuak:

Enpatia, konfiantza, integrazioa, asertibitatea, auto-kontzientzia, elkarreragina, sentsopertzepzioa, atentzioa eta emozioak.

Saioen azalpenean saio bakoitzak hiru fase omen ditu: sarrera eta beroketa, garapena eta azkenik itxiera. Saioetan helburua da jolas eta sormen espazio bat sortzea. Unitate bukaeran espazio bat eskaintzen da taldekako dantzak eraikitzeko.

Proiektuaren ezaugarri nagusiak honako hauek dira: mugimendu librea eta jolasa, komunikazio ez berbala (begirada, keinuak, eskuak, gorputz atalak), hausnarketa (taldean ahoz), sormena, goxotasuna, besteekiko begirunea eta aukeratu den musika oso ondo aukeratua dagoela azpimarratu zuen Zuriñek hitzaldia bukatzeko.

Materiala lortzeko:

sites.google.com/a/oriapat.org/gorputzaldiak/